XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Historiaren haritik kanpo, mundu zabal bat eraiki dugu, mundu aldaezin bat, gure jaun eta jabe dena.

Euskal Herri gehiena oraino ikuspegi honetaz baliatzen da.

Halabeharra, hala izan da beti, hala da eta hala izango da.

Baina, halabeharrezko mundu hori, behin betiko mundu hau, deseginaz doa gure artean.

Nahi eta nahi ez.

Zientzia eta teknika ez dira alferrik sartu.

Teknikak posibilitate berriak erakusten dizkigu.

Ilargira joan-etorri batek mila hitzaldik baino gehiago mugitu du jendearen pentsakera.

Gero eta hobeto ohartzen gara, lehen, historiaren gainetik aldaezin agertzen zitzaigun mundua, orain gizonaren historiaren menpean dagoela.

Natura bera, historizatu egin dugu.

Aldaezina aldagaitu.

Gizonaren jaun eta jabe zena, gizonaren fruitu da orain.

Natura, sakratua zena, gizonak arakatzen eta esplotatzen duen harrobi bat da orain.

Beraz, alde batetik, gizona morroin bihurtzen duen mentalitatea dugu.

Bestetik, gizonari guztien gaineko jauntasuna ematen diona.

Lehenarentzat, norma, erregela eta halabehar franko bada.

Horiei men egin behar zaie.

Men egitea, nork bere burua ukatzea, hori idealaren barnean sartzen da.

Ezbeharrak, biziezinak nahi eta nahi ezkoak dira.

Egiazko filosofiak eta egiazko erlijioak, gure ezinak ongi eramaten irakasten digute.

Pentsamolde hau gizarte mailara ekartzen denean, oso da kaltegarria.

Gaurko gizarte mailaketa, gizarte jerarkia halabeharrezko gorabehera da.